AGENDA 21

agenda 21

2012-2013. ikasturteaz geroztik Eskola Agenda 21 proiektuan dihardugu. Ikastetxean ohitura jasangarriak bermatzeko hezkuntza-programa da, zeina komunitatearen partaidetzan oinarritzen den.

agenda21
Ingurumen-hezkuntza programa denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia. Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du, kudeaketa arduratsu eta iraunkorra sustatzen duelarik.

Zeintzuk dira ezaugarri nagusiak?

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira: Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea. Udalerriko garapen iraunkorrean eskua hartzen eta laguntzen duela esan daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, 2001. urtetik aurrera, Tokiko Agenda 21 programak hasi ziren garatzen. Egoera horrek eskola eta udalerrien arteko sinergia sortu zuen eta aukera bikaina zabaldu zuen haien ingurumen-programak uztartzeko. Modu horretan hasi zen garatzen, 2003. urtetik aurrera, Eskolako Agenda 21, eta urterik urte gero eta ikastetxe gehiago ari dira parte hartzen. Izan ere, 2007/2008 ikasturtean derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen erdiak baino gehiago aritu dira Eskolako Agenda 21 garatzen.

Oso tresna eraginkorra da Euskal Curriculumaren oinarrizko konpetentziak garatzeko, eta, beraz, XXI. mendeko herritar arduratsu eta konprometituak egiten laguntzeko.

Norentzat da?

Hezkuntza-komunitate osoarentzat.

Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak. Ikasleak benetako protagonistak dira EA21eko fase guztietan. Familiek parte aktiboa dute ikastetxean antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz. Irakasleak ez diren langileek, berriz, programaren antolamenduan , diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

Zeren inguruan lantzen da Eskolako Agenda 21?

Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:
Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.

Kudeaketa iraunkorra.

Eskolako curriculum -berrikuntza.

Nola garatzen da?

Bost fase nagusi ditu:

1-Antolamendua eta Planifikazioa: antolamenduaren oinarriak (koordinatzailea, talde sustatzailea...) eta hasierako planifikazioa zehazten dira.

2-Sentsibilizazioa eta motibazioa: behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen partaidetza lortzeko. Egitamu berezi baten bidez egitea komeni da.

3-Diagnostikoa: ikastetxearen hasierako argazkia edukitzeko balio du. Horretarako programaren hiru ardatzak hartzen dira kontuan. Bestalde, udalerriaren egoeraren azterketa egiteko une aproposa da.

4-Ekintza-plana: fase honetan definitzen eta planifikatzen da ikastetxea eta haren inguru hurbila iraunkorrago egiteko ekintzen multzoa. Plana garatzeko hobekuntza-helburuak eta horiek lortzeko ekintzak zehazten dira; gainera, lorpenak neurtzeko adierazle batzuk azaltzen dira.

5-Komunikazioa eta Ebaluazioa: prozesu osoan egiten direnez, eta izaeraz eta ezaugarriz ezberdinak direnez, fase berezia osatzen dute.

Nola komunikatzen da Eskolako Agenda 21?

Komunikazioaren asmoa da Eskolako Agenda 21en ibilbidea eta emaitzak ezagutzera ematea eta hezkuntza-komunitateko kide guztiengana iristea. Fase honetan foroek garrantzia berezia dute:
Eskolen arteko Foroa: udalerri edo eskualde bateko ikastetxeetako ikasleek osatutako organoa; Eskolen Udal Foroak prestatzeko biltzen da (Arabar Errioxako kuadrilak duen egoitzan Maiatzean izan ohi da gurea).

Eskolen Udal Foroa: ikasleek ikasturtean egindako lanaren emaitzak, konpromisoak eta proposamenak tokiko arduradunen aurrean (alkatea, zinegotziak...) aurkezteko topalekua.

San Bizente ikastola. Calle Fueros, 5 01320 Oion. 945-60 12 06 - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.