PROYECTOS EDUCATIVOS

Eleanitz (Plurilingüismo)

En la ikastola tenemos claro que, para vivir e integrarse en Europa, además del euskera y el castellano, dominar otra u otras lenguas europeas es impresindible.

eleaniztasun proiektua

"ELEANITZ-INGELESA" PROIEKTUAREN AURKEZPENA

1.- Zerk eraginda hasi ziren ikastoletan berrikuntza hau egiten?

Giza ekintzetan erabakiak hartzeko orduan tartean izaten diren arrazoiak argitzea eta horien eragina bereiztea ez da batere erraza. Giza ekintzetan, sentimenduak, beharrak, balioak, interesak, batetik, eta arrazoiketaren eskakizunak, bestetik, nahasten dira. Arrazoiak, bestalde, historikoak eta aldakorrak izaten dira: ez dira berdinak orain eman ditzakegun arrazoiak eta proiektuaren hasieran ematen genituenak. Hasierako egoerara itzuliz, arrazoi hauek iruditzen zaizkigu nabarmentzeko modukoak:

Europako Elkarteko esparru ekonomikoaren, politikoaren eta sozio-kulturalaren integrazioa eta horrek europar gizabanakoengan zuen eta izango zuen eragina nabarmena zen. Argi ikusten genuen Europan bizitzeko eta bertan integratzeko, euskaraz eta gaztelaniaz aparte, euskaldunok beste europar hizkuntzak menderatzea beharrezkoa zela.

Elebitasunaren planteamendu ofiziala aurreko egoerarekiko aurrepauso nabarmena bazen ere, argi ikusten genituen planteamendu horrek epe erdira zituen mugak, ezinezkoa baita gaztelaniak edo frantsesak bezalako estatus internazionala duten hizkuntzak eta egoera minorizatuan dagoen euskara, bata bestearen ondoan egoera orekatuan bizitzea. Euskarak, iraungo badu, bere hizkuntz eremuan hizkuntza nagusi izatera iritsi behar du, baina argi dago, era berean, euskaldunok euskaraz gainera beste hizkuntzak erabiltzeko gauza izan behar dugula, bestela euskara bera ere arriskuan bailegoke. Lortu nahi duguna, beraz, bi elementu hauek uztartzea da, hots, alde batetik, euskarak bere hizkuntza eremuan behar duen garapen osoa lortzea eta, bestetik, euskaldunok beste hizkuntzen ezagutza eta erabilera erdiestea. Hori lortzeko era bakarra eleaniztasunaren eskutik dator.

Eleaniztun izateak, dituen abantaila instrumental, profesional eta, batez ere, sozialaz gainera, baditu, adituen ustez, gizabanakoaren garapenari begira beste abantaila batzuk: pentsaera kreatiboagoa eta adimenaren malgutasun handiagoa erdiesten da, komunikatzeko eta harremanetarako gaitasun gehiago lortzen da, hizkuntza gehiago ikasteko erraztasuna lortzen da.

Premia horiei erantzuteko, atzerriko hizkuntzak ikasten erabilitako ohiko bideek ez zuten baliorik eskaintzen. Planteamendu ausartagoa egin beharra zegoen, euskararen lehentasuna zalantzan jarri gabe ordea. Aukera bat izan zitekeen 11 urtetik aurrera atzerriko hizkuntzari, adibidez, denboraren herena eskaintzea, edota 8 urtetik aurrera denboraren laurdena, baina bide horiek euskararen lehentasuna kolokan jartzen zuten. Beste aukera bat lehenago hastea zen. Ikastoletako esperientzian oinarrituz, garbi zegoen jatorriz erdaldunak ziren haurrak euskalduntzeko biderik aproposena murgiltze goiztiarra zela. Zergatik ez erabili 4 urtetik aurrera batez ere Kanadan eta Estatu Batuetan emaitza onak eman zituen "Early Double Inmersion Program" ( Genesee, Lambert, Tucker, 1978) deiturikoaren antzeko eredua? Bide horretatik jo genuen garai haietan gure ingurunean urrats horiek egiten hasiak ziren Traute Taeschner eta Josep María Artigal adituekin harremanetan jarriz.

Esan behar da 1991-92. ikasturtean guk indarrean jartzen hasitako planteamendu hau, Europako Batzordeak 1996. urtean plazaratu zuen "Hezkuntza eta gazteriari buruzko Liburu Zurian" berresten duela. Eleaniztasunari buruz hauxe esaten da:

"Europako Elkarteko zenbait hizkuntza ahalik eta hiritar gehienek ezagutzeak, Europako Elkarteko ekonomiaren, teknikaren, zientziaren eta kulturaren bilakaerari eta barne kohesioari indar handiz eragingo dio, betiere herrialde eta eskualde-kideen nortasun kulturala zainduz.

"Elkarteko hiru hizkuntzen ezaupide eragingarria lortu ahal izateko, atzerriko lehen hizkuntzaren irakaskuntza Haur Hezkuntzatik hastea komeni da, eta Lehen Hezkuntzan sistematizatzea beharrezkoa da. Atzerriko bigarren hizkuntza Bigarren Hezkuntzan hastea beharrezkoa da, eta, europar eskoletan egiten den bezala, atzerriko lehen hizkuntzan ikasgai bat irakastea komenigarri litzateke. Derrigorrezko hezkuntza bukatzerakoan, ikasle guztiek atzerriko bi hizkuntza europear hitz egin beharko lituzkete"

San Bizente ikastola. Calle Fueros, 5 01320 Oion. 945-60 12 06 - Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.